XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Vasili Grigorevich bazter batetan zegoen, jangelako mahaia eta atearen artean, eta entzuten ari zena ezin sinets zezakeen.

- Etxea erre nahi al duzue, semeok? Benetan diozue, gero? - Bai, bai - esan zuen Sachak -.

- Vaniak amorerik eman ezik, etxea suak hartuko du.

- Zeuk etsiaraz dezakezu, aitta - proposatu zuen Grichak -.

- Beharbada zeuri jaramontsu izango zaizu.

Anaiek alde egin zuten gelatik.

Vasili Gregorevich bakarrik gelditu zen Vaniarekin.

Ez zuen zalantzatan jarri Grichak eta Sachak beren mehatxua burutuko zutenik; haien hitzengatik baino aurpegiengatik jakin zuen.

Beraz oso kezkaturik zegoen. Vaniagatik eta etxeagatik.

- Vania, maitea - erregu egin zion -.

- Zentza hadi eta jaits hortik.

Zer gertatuko zaigu guztioi Grichak eta Sachak etxeari su ematen badiote? Egin kasu eta jaits. Jainkoaren eta saindu guztiak arren, entzun heure aitta zahar honi eta egin eskatzen diatena.

Vaniaren gogoak, bere aitari dena azaltzekoak! Berba egiterik ez zuen zilegi baina.

Sei urtetan zehar egona zen bertan, indar hartzen.

Ezin zuen etsi, ezin urra bere isiltasuna... izan ere, helmugara heltzeko hain gutxi falta zuelarik.

Hori dela eta, buruari eragin ezer esan barik, ez zuen beste erremediorik izan.

- Beno - esan zuen Vasili Grigorevichek -.

Ba duk adinik zer gerta dakiakeen jakiteko.

Grichak eta Sachak ez diate birritan pentsatuko.

Bihar ordu honetan, etxea sutan hastean, gogorrean egin behar izango duk orain onean egin behar hukeena: zentzatu eta labegainetik jaistea... (...).